Armarriko koroa
Saltar navegación

ETXAURIko  Udala

2012ko maiatzaren 21a

HISTORIA

ETXAURIKO HISTORIA

Etxauriko historia (Tamaina 47Kb). 

ETXAURIKO HISTORIA, ARKEOLOGIA AZTARNEN ARABERA

Gizakia Etxauribarren bizi izanaren lehenbiziko aztarnak Behe eta Erdi Paleolitokoak dira, duela 50.000 urtetik gorakoak; ziurrenera, neandertalen aurreko gizakiak izanen ziren eta neandertalak ere bai.

C14-rekin egindako azterketek gizakia Etxauriko udalerrian bizi izanaren arrastoak erakutsi dituzte, duela 17.000 urtekoak. Ehiztari talde txiki bat izanen zen, eta jende horrek postu bat paratu zuen Legintxikiko berokian, bazterrak begiratzeko, atseden hartzeko eta ehizarako armak konpontzeko. Toki horretan agertu diren aztarnei erreparatuta, jakin ahal izan dugu gizon-emakume haiek Epigravetiense aldiaren kulturakoak zirela, garai hartan Europa Mendebalde osoan arras zabaldutakoa, eta ugaztun handiak ehizatzen zituztela; esaterako, harpeetako hartza, errinozero iletsua eta elur-oreina. Horrek aditzera ematen digu, beraz, zeinen klima hotza, muturrekoa, zegoen Etxauribarren; hau da, egun Laponia eta Siberia aldean dagoen antzeko ingurumena egonen zen. Izotz garai hark 7.000 urtez iraun zuen, gutxi gorabehera; bada, Legingo kobazuloetako eta Legintxikiko giza bizitzak milaka urte haietan iraun zuen, baina Europako kultura berriagoen osagaiekin; esate baterako, Solutre aldia eta Madeleine aldiko osagaiekin.

Duela 10.000 urte inguru, izotz garaia bukatu eta Europa Mendebaldea berotzen eta hezetzen hasi zen: horren ondorioz, paleolitoko kultura guztiak bat-batean errotik aldatu ziren. Horrela, oihan zabalak sortu, eta habitat hotzeko ugaztun handiek iparrerantz jo zuten. Etxaurin badira aro nahasi horretako arrastoak Legintxikin eta Leginen.

4.000 urtetik gorako bide luzearen ondotik, gizadiak ingurumenarekiko harremana aldatu zuen; horrela, ehiztari eta biltzaile izatetik nekazari eta abeltzain izatera pasatu zen. Horri "Neolitoko Iraultza" esaten zaio eta horren arrastoak Etxauri alde honetako hainbat aztarnategitan agertu dira: esaterako, Mairuaren Kobazuloa, Viñas de la Peña, Legingo Kobazuloak, Legintxiki, Zaldualdea eta La Playa izeneko aztarnategietan; Peña del Cantero-ko pintura eskematikoak ere garai hartakoak dira.

K.a. 800. urte inguruan, eta Burdin Aroaren hasierarekin bat, Nafarroan lehendabiziko herrixka gotortuak sortu ziren. Etxaurin badira horren aztarnak; adibidez, San Kiriakon eta Legingo Gainean. Zehazki, burdinazko armak aurkitu ziren, jatorriz Europa erdialdekoak.

Erromatarren garaia oso ezezaguna da Etxaurin. Herrian bertan egindako indusketetan, dena den, villa baten aztarna ugari agertu dira; beraz, horrek herriaren jatorria eta antzinatasuna erakuts dezake. Erromatarren garaiko zantzu batzuk ere badaude Peñas del Cantero esaten zaion alderdian.

Ez dugu gure aroko V. mendetik aurrerako aztarnarik aurkitu, harik eta IX. mende hasierako arabiar agiri zenbaitetan Sajrat Qays izeneko gotorlekuaren aipamena agertu arte. Zenbait adituren arabera, toki hori egungo San Kiriako da: funtsean, izenak fonetikoki antzekoak direlako eta leku horretako arkeologia-arrastoek hori pentsatzeko bidea ematen dutelako. Inguruko jendea, esaterako, gotorleku horretan babestu zen, Abd ar Rahman III.ak 924an Iruñeko Erresumaren aurkako erasoak jo zituenean. Etxauri herria, gaur egun ezagutzen dugun bezala, garai nahasi horretan egituratu zen; baina, batez ere, Behe Erdi Aroan. Arkeologia-arrasto bakarra, dena den, Erremedioetako Gure Amaren ermitan agertutako nekropolia izanen litzateke: bertan 180 ehorzketa baino gehiago aurkitu ziren, batzuk harlauzazko zistetan, besteak harlanduxkaz egindakoetan eta, beste batzuk, azkenik, lurrean indusitakoetan. Arkeologoei beraiei deigarri gertatu zitzaien hilerri horretan lurperatutako pertsona batzuen luzera, hainbat gorpu 185 cm-tik gorakoak baitziren; lesio eta gaixotasun batzuk ere deigarri gertatu zitzaien.

HARRIA ETA GISUGILEAREN ELEZAHARRA

Harria eta gisugilearen elezaharra (Tamaina 44Kb).